2009/12/17

Gaurko hitza: MALUTA

maluta

maluta (FlickrCC)

Gaurko Hitza Ordiziako Jakintza ikastolako Maite Goñi euskara irakaslearen ekimen bat da. Egunero hitz bat aztertzen du eta gaurkoa, noski, maluta izan da.

Blog honi etekina ateratzeko ezinbestekoa da rss jarioa erabiltzea eta nire gomendioa da Firefox nabigatzailearekin goiko barran integratzea. Honela, egunero hitz horien berri izan dezakezu eta gelan proiektorea baduzu, ikasleekin tartetxo bat eskaini irakurtzeko.

Biharko hitza zein izango ote den ez dakit, baina buruan darabilzkigunak bai: Eguberriak, oporrak eta atsedena.

2009/12/16

WIFIAREN SEGURTASUNAZ


Apurka-apurka ari da gizartean zabaltzen Wifi sareen kontrako jarrera, osasunerako txarrak izango ez ote diren susmoa hain zuzen ere. Escuela 2.0, Ikasys eta ikastolen azpiegitura beharrei erantzuteko ia ezinbestekoak bihurtzen ari dira haririk gabeko soluzioak. Bestalde, etxe, hospitale eta leku publiko askotan zabaldurik daude aspalditik. Gauzak honela, bat-batean kezka sortu da eta guraso batzuk kezka hori eskolara eramaten dute.

Honen inguruko ezagutzen dudan ikerketarik serioena burutu dute Oiartzungo Haurtzaro Ikastolan.
  • Ikastolan kezka zegoenez Labein enpresari kanpoko auditoria bat egitea eskatu zitzaion. Ordainduta, noski.
  • Enpresa horrek informe bat idatzi zuen.
  • Informearen emaitza eta interpretaziorako aurkezpen didaktiko bat antolatu zuten Solid Rock IT enpresarekin.
Informean agertzen ziren datu batzuk:
  • Momentu honetan ez dago Wifi uhinen kaltea egiaztatzen duen datu edo ikerketa zientifikorik.
  • Sakeleko batek 20 Wifi antenak adina erradiazio sortzen du.
  • Neurketak egiteko garaian neurgailua neurketa bat hartzeko routerraren antenaren ondoan jarri behar zen, ikasleen postuetan ez zen erradiaziorik neurtzen.
  • Kabletuak ere erradiazioa sortzen du. Erradiazioa sortzen ez duen teknologia bakarra zuntz optikoa litzateke.
  • Ikerketa hauek egiteko garaian erradiazio elektromagnetiko guztia neurtu behar da eta ez soilik Wifik eragiten duena.
Dena den, datu hauek aurkeztu arren, kontra zegoena ez zuen iritzia aldatu baina guraso asko lasaitu ziren... ni barne.

2009/12/15

OpenDNS

Duela gutxi zerbitzu honen berri izan dut eta etxean esperimentalki erabiltzen hasi naiz.

Zer da Open DNS? Dakizuenez Interneteko helbide bat idazten dugunean, ordenagailu batek idazten dugun helbidea zenbaki kate bat bihurtzen du. Adibidez: www.google.com idazten dugunean 209.85.229.103 ip-a duen zerbitzarira joaten gara.

Internet hornitzaile bakoitzak bere DNS zenbakiak ditu guk OpenDNS-koak erabil ditzakegu:
  • 208.67.222.222
  • 208.67.220.220
Zeintzuk dira abantailak? Alde batetik zerbitzu hau azkarragoa omen da beste enpresetakoa baino. Bestetik, eta hau da interesgarriena, gure ikastolako trafikoa filtra dezakegu nahi ez ditugun orrialdeak ez bisitatzeko: pornografiatik hasita, messenger eta youtube arte. Azken hau egin ahal izateko kontu bat ireki behar duzu. Konfiguratzea ez da oso zaila ikastolak ip finkoa badu.

Google-lek ere antzeko zerbitzu bat ater berri du. Gaia komentatuko dugu.