Bestelakoak... etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Bestelakoak... etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2010/11/27

Zenbat gramo bakterio ?

Datuak gordetzeko disko biologikoak.

Hong Kong unibertsitatean, ikerlari talde batek informazioa txertatu egin du bakterioen ADN kateetan.Dagoeneko 90GB, bakterio gramo bat erabiliz (billoi bat bakterio).

Gaur egungo disko gogorrek 4GB informazio gordetzen dute gramo bakoitzeko.
Etorkizunean gramo bat mikroorganismo 200GB informazio gordeko duela iragarri dute.

Datuak kodetu, DNA kate sintetikoetan eraldatuz eta bakterioetan sartzen dituzte.

Hamaika ikusteko jaioak gara!

2010/04/20

HEGAZKINAK SUMENDIAREKIN ALDERATUZ

(Irudia handiago ikusteko gainean klikatu)

Zeinek kutsatzen du gehiago? Eyjafjallajökull sumendiak edo Europako hegazkinen industriak. Erantzuna Informatioan Is Beautiful gunean agertu den David McCandless eta Ben Bartels-en infografia eder honetan dator.Ikasleekin komentatzeak merezi du baita gunean dauden hainbat lan aztertzea.

Escolar.net-etik ateratako albistea.

2009/12/16

WIFIAREN SEGURTASUNAZ


Apurka-apurka ari da gizartean zabaltzen Wifi sareen kontrako jarrera, osasunerako txarrak izango ez ote diren susmoa hain zuzen ere. Escuela 2.0, Ikasys eta ikastolen azpiegitura beharrei erantzuteko ia ezinbestekoak bihurtzen ari dira haririk gabeko soluzioak. Bestalde, etxe, hospitale eta leku publiko askotan zabaldurik daude aspalditik. Gauzak honela, bat-batean kezka sortu da eta guraso batzuk kezka hori eskolara eramaten dute.

Honen inguruko ezagutzen dudan ikerketarik serioena burutu dute Oiartzungo Haurtzaro Ikastolan.
  • Ikastolan kezka zegoenez Labein enpresari kanpoko auditoria bat egitea eskatu zitzaion. Ordainduta, noski.
  • Enpresa horrek informe bat idatzi zuen.
  • Informearen emaitza eta interpretaziorako aurkezpen didaktiko bat antolatu zuten Solid Rock IT enpresarekin.
Informean agertzen ziren datu batzuk:
  • Momentu honetan ez dago Wifi uhinen kaltea egiaztatzen duen datu edo ikerketa zientifikorik.
  • Sakeleko batek 20 Wifi antenak adina erradiazio sortzen du.
  • Neurketak egiteko garaian neurgailua neurketa bat hartzeko routerraren antenaren ondoan jarri behar zen, ikasleen postuetan ez zen erradiaziorik neurtzen.
  • Kabletuak ere erradiazioa sortzen du. Erradiazioa sortzen ez duen teknologia bakarra zuntz optikoa litzateke.
  • Ikerketa hauek egiteko garaian erradiazio elektromagnetiko guztia neurtu behar da eta ez soilik Wifik eragiten duena.
Dena den, datu hauek aurkeztu arren, kontra zegoena ez zuen iritzia aldatu baina guraso asko lasaitu ziren... ni barne.

2009/10/19

KALERATUA GELA BLOGA IZATEAGATIK


Aulablogen irakurri dudanez Bizkaiko Orue Eskolako irakasle bat kanporatua izan da gelako bloga bere arlorako balibabide bezala erabiltzeagatik.

Blogaren kontua aitzakia besterik ez bada ere bazterrak nahastu ditu eta argi erakusten du IKT baliabideak erabiltzea ez dagoela behar bezala baloratua edo estimatua. Beste hitzetan, irakasle batek ordenagailu gela bisitatu gabe pasa dezake ikasturte osoa eta ikasleaz aparte beste inor ez litzateke kexatuko bere lanaz. Eskola, liburu, fitxa eta arbela trinomioari lotuta dirudi oraindik. Urte askotarako?

Albiste osoa detailean: http://www.aulablog.com/despedido-un-docente-por-utilizar-el-blog-en-el-aula

EUSKALTELEK KOPIATU DIGU

Euskalteleko azken anuntzioak Erentzun Ikastolak sortutako 2 minutuko spotaren ideia berbera hartzen du: Playmobileko Click-ak erabiltzea mezu bat igortzeko.
Pentsatu bagenuen ere, gure baliabideek ez ziguten ematen stop-motion teknika erabiltzeko. Gutxienez GU IZAN GINEN LEHENENGOAK.

Erentzun Ikastolako 5. mailako ikasleen lana:



Euskalteleko spota:



Ez dago ezer berririk eguzkipean.

2009/03/12

IRAKURZALE ZAITEZ... BIDEOAK IKUSIZ!


Juul kanpainarekin lotuta Nafarroako Ikastolen Elkarteak proiektu berri bat jarri dugu martxan IRAKURZALE BLOGAK:

Helburu nagusi bat dute blog hauek: IRAKURZALETASUNA BULTZATZEA, ez dugu hau ahaztu behar, teknologia hau lortzeko, aitzakia besterik ez da.

Nola? Beste ikasleen gomendioak entzunez eta horren arabera ikasleek liburu bat edo beste aukeratuz.

Zergatik bideo bloga?
  • Idatzizkoa baino zuzenagoa delako.
  • Ahozkotasuna lantzeko egokia ikusten dugulako eta Lehen Hezkuntzan garrantzitsua da
  • hau.
  • Euskalki ezberdinak entzuteko aukera ematen diegulako ikasleei eta hori aberasgarria
  • delako.
  • Ikasle, eta irakasleentzat, erakargarriago suerta daitekeelako.
  • Prozedura tekniko erraza duelako.
Jadanik hasi gara bideoak igotzen, helbide hauetan topatuko dituzue:
Juul Kanpainan parte hartzen duen edozein ikastolak erabil ditzake blogak. Horretarako gidatxo bat prestatu dugu.

Zuen partaidetza espero dugu.

2009/03/09

LITXARKERIRIK GABEKO IRUZKINAK

Oraingo honetan Erentzungo irakasle batzuen artean sortu dugun bloga aurkeztera natorkizue. Zinea gustuko dugun batzuen artean, pasabidean komentatutakoak blog batean jasotzea pentsatu dugu, besterik gabe.

Bloga dirauen bezala iraunduko du. Egindakoarekin pozik gaude. Betikoa, partaide gehiago onartzeko prest gaude... orain, ordaintzen dugunarekin ez dut uste parte hartzeko borrokatuko duzuenik. :-)

Helbidea: http://zinea.blogspot.com

Bisitatzera bazatozte palomitak gure kontu!

2008/12/01

MIKEL LABOA GAUR HIL, GAUR WIKIPEDIA EGUNERATU

Mikel Laboa joan zaigu. Nabigatzen nenbilela enteratu naiz. Ikasleentzat Txoriak txori abestiaren letra eta kantariaren irudiak bilatzen ari nintzela Wikipediarara joan naiz eta bere heriotzaren data jadanik agertzen zela harritu nau baina gero pentsatu dut ez ninduela harritu behar.

2008/05/21

KOMIKIAK LABETIK ATERA BERRIAK


Wiki batean bildu ditut Interneten Eguna ospatzeko Nafarroako ikasleek sortutako 27 komiki. Nahasita daude ikastola eta maila ezberdinak.

Sarean bezala, denetatik dago: umore fina, beltza, azidoa, inozoa, surrealista, zentzugabea... Merezi du ikasleekin hauek irakurri, baloratu eta eztabaidarako aitzakiatzat erabiltzea. Zuen iritzia bota.

2008/04/29

ZUEN BIZITZAKO EGUNIK PETRALENA!

Seguru baten bat honela sentitu dela ikastolan edo etxean bideoan agertzen dena gertatu zaionean.



Otoitz egin dezagun trantze honetatik ez pasatzeko edo, gertatzekotan, lasaitasunez hartu eta buelta dezagun internet eta ordenagailurik gabeko garai zoriontsu horietara.

2008/02/01

Visible Body


Giza gorputza aztertzeko modu ikusgarria.
Natur Zientziak lantzeko tresna interesgarri bat.
Firefoxekin arazoak izan ditut, Explorerekin arazorik ez.
Izena eman behar duzu, programatxo bat jeitxi eta listo (memoria eta txartel grafiko
xumeak badituzu moteltxo ibiliko da).

http://www.visiblebody.com/start



2008/01/25

Komikiak egiteko tresna



Genbetan topo egin dut tresna honekin, agian lehen hezkuntzako ikasleekin lan batzuk egiteko (fotonobelak, oroitzen zarete?)garaian baliogarria izan daiteke. Neri grazia egin dit.
http://comiqs.com/

Adibide gisan beheko hau jarri dut, ez dakit txinatar hauek ze arraio esango duten, astakeriren bat balitz kendu.

2007/12/11

OLENTZEROAREN ZAKUAN ETA ERREGEEN KUTXETAN…

Olentzeroak bere hondorik gabeko zakuan denetariko opariak ekarri ohi dizkigu eta, nahiz eta karga-karga eginik ibili, beti edukitzen du liburuetako tokirik.
Erregeek ere ez dute sekulan horren inguruko trabarik jarri, denon ezaguna baita haien karabana ikusgarrian denetarako tokia egoten dela.
Beraz, badakigu hori ez dela arazoa izaten, zer liburu eskatu baizik. Horra hor bada haur eta gazte literatura aukeratzeko lagunduko digun zenbait iturri eskuragarri:
PRENTSA: gure egunkariek literaturari astean behin egun bat eskaintzen diote izenburu berriak, liburu sarituak, idazleei eginiko elkarrizketak argitaratuz.
LIBURUTEGIA: gure herrietako liburutegietan gaian adituak diren argitalpenak aurki ditzakegu.
Besteak beste, CLIJ (Cuadernos de Literatura Infantil y Juvenil) aldizkariak estatuko hizkuntza desberdinetan argitaratzen diren liburuen berri ematen digu. Bereziki interesgarria da urriko zenbakia bertan urteko obrarik hoberenen panorama eskaintzen baitigu.
BEHINOLA da aurki dezakegun eta merezi duen beste argitalpen bat, euskara hutsez eta euskarazko tituluak soilik aurkituko ditugularik.
Iruñeko CIVICANek ere bere liburuxkak uzten ditu gure liburutegiko mostradorean. Proposamen desberdinak gure esku.
INTERNET: nabigatzaileak portu askotan geldi daitezke. Horien artean bi gomendatuko nizkizueke:
http: // www.galtzagorri.org
Gasteizko Galtzagorri Elkarteak euskal eta euskarazko liburuen berri ematen digu bere atarian.
http: // www.sol-e.com
(Servicio de Orientación de Lectura (SOL)
Estatuko hizkuntza desberdinetan argitaratu edo itzulitako liburuak ezagutaraziko dizkigu.
Bai Galtzagorrik baita SOLek ere oso orrialde erakargarri eta funtzionalak etxeratuko dizkigute adina, gai, nobedade, liburu salduen, ezezagunen edo gomendagarrien arabera.
Aprobetxa dezagun bada aurten ere Olentzero eta Erregeen eskuzabaltasuna, zaku eta kutxa zabalak geure haur eta gaztetxoak literaturaren magiaz zipriztintzeko!

Mila esker Izaskun!

2007/10/16

BE OINEZ MY FRIEND!

Barka ezazue "autobonbo" egiteagatik baina Nafarroa Oinez dela eta wiki txiki bat prestatu dugu (ikastola pobreoi ez zaigu gehiagorako ailegatzen) ikasleek sortutako ipuin eta bideoekin.

Hemen duzue mokadutxo bat:



http://www.euskaltube.com/play.php?vid=727

Zabal ezazue.