2007/12/11

OLENTZEROAREN ZAKUAN ETA ERREGEEN KUTXETAN…

Olentzeroak bere hondorik gabeko zakuan denetariko opariak ekarri ohi dizkigu eta, nahiz eta karga-karga eginik ibili, beti edukitzen du liburuetako tokirik.
Erregeek ere ez dute sekulan horren inguruko trabarik jarri, denon ezaguna baita haien karabana ikusgarrian denetarako tokia egoten dela.
Beraz, badakigu hori ez dela arazoa izaten, zer liburu eskatu baizik. Horra hor bada haur eta gazte literatura aukeratzeko lagunduko digun zenbait iturri eskuragarri:
PRENTSA: gure egunkariek literaturari astean behin egun bat eskaintzen diote izenburu berriak, liburu sarituak, idazleei eginiko elkarrizketak argitaratuz.
LIBURUTEGIA: gure herrietako liburutegietan gaian adituak diren argitalpenak aurki ditzakegu.
Besteak beste, CLIJ (Cuadernos de Literatura Infantil y Juvenil) aldizkariak estatuko hizkuntza desberdinetan argitaratzen diren liburuen berri ematen digu. Bereziki interesgarria da urriko zenbakia bertan urteko obrarik hoberenen panorama eskaintzen baitigu.
BEHINOLA da aurki dezakegun eta merezi duen beste argitalpen bat, euskara hutsez eta euskarazko tituluak soilik aurkituko ditugularik.
Iruñeko CIVICANek ere bere liburuxkak uzten ditu gure liburutegiko mostradorean. Proposamen desberdinak gure esku.
INTERNET: nabigatzaileak portu askotan geldi daitezke. Horien artean bi gomendatuko nizkizueke:
http: // www.galtzagorri.org
Gasteizko Galtzagorri Elkarteak euskal eta euskarazko liburuen berri ematen digu bere atarian.
http: // www.sol-e.com
(Servicio de Orientación de Lectura (SOL)
Estatuko hizkuntza desberdinetan argitaratu edo itzulitako liburuak ezagutaraziko dizkigu.
Bai Galtzagorrik baita SOLek ere oso orrialde erakargarri eta funtzionalak etxeratuko dizkigute adina, gai, nobedade, liburu salduen, ezezagunen edo gomendagarrien arabera.
Aprobetxa dezagun bada aurten ere Olentzero eta Erregeen eskuzabaltasuna, zaku eta kutxa zabalak geure haur eta gaztetxoak literaturaren magiaz zipriztintzeko!

Mila esker Izaskun!

1 iruzkin:

Fultxo erabiltzaileak esan du...

Zer erosteko zerrenda honetan bi helbide gehituko nituzke. Alde batetik gure artean ezaguna den Juul Kanpainako gunea. Bertan gomendatutako hainbat libururen zerrendak agertzen baitira eta baita hainbat argitaletxeren katalogoak.
Bestetik Liburutxikiizeneko ekimen txikia (hau Juul Kanpainan txertaturik ere). Bertan umeentzako liburuen balorazioa egiten da gurasoen ikuspuntutik.