2009/11/05

ESKOLA 2.0 okerreko bidetik


Seguru zuetako batzuk egun hauetan jasotako albiste laburpenean Eskola 2.0 okerreko bidetik artikulua irakurtzeko aukera (denbora?) izan duzuela. Bertan Ana Perez, Emilse Benabides eta Josean Bueno, irakasleak eta STEE-EILAS sindikatuko kideek Zapaterok martxan jarritako Eskola 2.0 proiektuaren EAEn izaten ari den aplikapena kritikatzen dute.

Orokorki ados nago ematen diren argumentuekin, honelako proiektu bat ezin da aurrera eraman behar diren giza baliabideekin kontatu gabe, ganorazko prestakuntza gabe eta programazioan txertatutako proiektu bat izan gabe. Bestalde esaten da ikastolen beharrak asko direla, ez bakarrik informatikoak, eta horiek ez direla asetzen (aurrekontu arazoak direla medio) eta orain bat-batean kriston dirutza gastatzen da "aparatuetan".

Gauzak honela, alderdi negatiboen gainetik puntu positiboak ere ikusten dizkiot planari. Lehengo, aldiz eskoletan eman beharko litzatekeen alfabetatze digitala denen ahotan egon da, horren beharra mahai gainean jarri da eta esperientzia isolatuaz gaian apustu fuertea egin nahi izan da teknologi berriak bultzatzeko. Apustu honek propagandistikoa dela neurri batean? Ezin da ukatu.

Goitik bera datorrela plan hau esaten da. Nik ez dut gaizki ikusten, eskola politikak eta lehentasunak gobernuek definitzen dituzte eta Teknologia Berrien aurrerapauso kuantitatiboa ikusi nahi badugu gobernuak busti beharko dira: konpetentzia hauek curriculumean sartzen, prestakuntza eskaintzen, liberazioak bideratzen...

Bukatzeko Nafarroako egoera aipatu nahiko nuke. Urte pila daramatzagu inbertsio potoloak egiten IKT arloa, ez bakarrik ekipotan, eta aspaldiko partez ez da dirurik jaso inbertsio hauek egiteagatik. IKT dinamizatzaileen liberazioa ikastola bakoitzak ordaindu behar du (EAEn ez, ordea) eta Zapateroren planaren portatilak eskola gutxi batzuk jasoko dituzte momentuz. Beraz, EAEko eta Nafarroako ikastetxetan erabiltzen ez diren ekipoak (eta egon badira) eta etorkizunean aparkaturik geratuko direnak eskertuko ditugu hemen!

iruzkinik ez: